Zubimusu Ikastola

HISTORIA

ABIAPUNTUA

1965eko uztailean, udan seme-alabak euskal giroan hazi nahi zituen Zizurkil eta Villabonako guraso-talde batek eman zituen ikastola sortzeko lehen urratsak. Eta ekimenari jarraipena eman nahi izan zioten gerora, haurrei eskolak euskaraz eskaintzeko bidea eginez. Ume gehiago hurbildu ahala, taldea handituz joan zen, eta Zizurkilgo Zubimusu etxean hasi ziren biltzen; huraxe izan zen ikastolaren lehen eraikina.

Laster txiki geratu zen eraikin hura, ordea, eta Zizurkilgo parrokiaren lokaletan jarraitu zuten aurrera; herriko hainbat ekimenetarako erabiltzen ziren elizaren atzealdeko geletan. Baina taldeak handitzearekin batera, toki falta nabarmena zenez, Villabonako Zentroko egoitzara igaro ziren. Parrokiako mutilen eskola zegoen orduan bertan. Zentroko eraikina herriko gazteei ikasketa duinak emateko asmoarekin eraiki zen, eta hutsik zeuden gelak uzteko eskatu zien arduradunei guraso-talde hark, bertan ikastola hedatu ahal izateko.

BATERATZEA

1973-74 ikasturtean, EGB-OHO bezala ezagututako legea iritsi zenean, Santio ikastolak, mutilen eskolak eta mojenak bat egitea erabaki zuten. Bateratze haren ondoren jaio zen Jesusen Bihotza ikastola. Bata akademia, bestea mojen ikastetxea eta hirugarrena ikastola izanagatik, hasieratik ikastolaren izaera mantendu zuena. Are gehiago, Santio ikastola 1969. urtetik aurrera Gipuzkoako Ikastolen Federazioaren baitako kide izan zen, ikastolen mugimendua legeztatzen eta antolatzen ari zenean. Jesusen Bihotza ikastolak ere bide hori jarraitu zuen hasieratik.

KOOPERATIBA

2014. urtea geroztik, ikastolaren biziraupenari eta etorkizunari begira, Ikastolen Elkarteko gainerako ikastola guztiek emandako pauso bera emanez, kooperatibaren bideari heldu zitzaion. Guztion artean sortutakoa, ikastolari ondoen egokitzen zaion funtzionamendua dela sinetsita. Zubimusu izena hartu zuen orduan Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastolak. Izen berriarekin herri bizilagunak ez ezik, iragana eta etorkizuna uztartuz.

Kooperatiba sortzeko sukaldeko lan luze eta neketsuek merezi izan zuten. Ikastolak aurrera egin baitu. Geroztik, kooperatiba integrala eta parte-hartzailea da gurea. Kooperatiba ereduan oinarritutako hezkuntza komunitatea; guraso, ikasle, laguntzaile eta langileen parte-hartze zuzenarekin. Ikaslea ikastolako ardatza izanik, giza balioetan oinarrituta, herria hobetuko duen pertsona euskalduna, kritikoa, kooperatiboa, ekintzailea eta sortzailea heztea helburu duena.

Eta hara! Historia errepikatu egin da, neurri batean. Hasieran Santio ikastola zegoen antzeko egoeran aurkitzen baita orain Zubimusu ikastola: ikasle asko eta leku faltarekin, eraikinak egokitu eta berritu beharrarekin. Eta bereziki, aurrera egiteko ilusio handiarekin. Ikastolen eredua herrian eta bailaran indartu eta bultzatzeko erabaki sendoarekin.

 

HIRU ERAIKIN: BI VILLABONAN, BAT ZIZURKILEN

Egun guztira 645 ikasle biltzen ditu Zubimusu ikastolak, hiru eraikinetan banatuta.

VILLABONAKO TXERMINGO ERAIKINA

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haur eta gaztetxoak.

  • Eraikina bera ikasleen beharretara eta ikas-metodologia berrietara egokitzen ari da, gune zabal eta lanerako txoko goxoak osatuz.
  • Zerbitzuak:
    • Goiz Txokoa.
    • Jangela.
    • Oinbusa.
    • Ingelesa / Trikitixa, panderoa eta kantua / Eskola Kirola / Enjoy English…, ikastaro eta jarduera ezberdinak.

VILLABONAKO KALE BERRIKO ERAIKINA, ZENTROA

  • Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa.

ZIZURKILGO PAGAMUÑO AUZOKO ERAIKINA

  • 2016-2017 ikasturtean, Zubimusu ikastolaren hezkuntza-eskaintza zabalduz, 0-2 urte bitarteko haurrei zuzendutako
    Haurreskola zerbitzua jarri zen martxan lehenengoz. 
  • Haur Hezkuntzako haurtxoak.
  • 2016-2017 ikasturtean eraikinaren barrualde guztia goitik behera eraberritu  zen, paretarik gabeko bi gune egokituz.
  • Zerbitzuak:
    • Goiz Txokoa.
    • Jangela.

ZUBIMUSU IKASTOLAREN PROIEKTUAK

  • 2ZIA, ikastolaren proiektu pedagogiko nagusia. 
  • EKI proiektua, konpetentziatan oinarritutako hezkuntza-eredua.
  • Euskaraz Bizi ekimena.
  • Hizpro proiektua.
  • Kiva proiektua.
  • Hezkuntza kooperatiboa.