Gure hirugarren Kilometroak

Zikloa borobiltzea dagokigu

Zarautzek izango du 2019an Kilometroak festa antolatzeko ohorea. Eta, jakina denez, eredu honetako azkena izango da 2019ko Kilometroak festa. 1977an hasi ziren, Beasainen, euskara ardatz, ikastolen aldeko proiektua sustatzeko zirkuitu bat eraiki, gune batzuk sortu, ekintzak antolatu eta auzolanean lortutako dirua proiektu horren mesedetan erabiltzen. Beste jauzi bat emango da 2020an, Gipuzkoako ikastola guztiak izango baitira festaren antolatzaile. Euskaraz bizitzea ardatz hartuta, jai-eredu hori definitzen dihardu Ikastolen Elkarteak.

Baina egungo ereduak gure herrian izango du amaiera-puntua. Zarautzek 1987an hartu zuen lehen aldiz Kilometroak festa antolatzeko lekukoa. Oraindik ere irribarre batek ihes egiten die antolaketan ibili zirenei egun hura oroitzean. Jasotako dirua Salbatore Mitxelena ikastolako eraikina doitzeko eta laguntza-premia gorrian zeuden Iparraldeko eta Nafarroako ikastolak hornitzeko erabili zen.

2004an jaso zuen bigarrenez lekukoa, Oteitza Lizeo Politeknikoarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin batera. Han jasotakoari esker daukagu Oteitzako proiektua sendotuta.

Eta eredu honetako azken lekukoa berriz ere Zarautza dator. Hainbeste oroitzapen on ekartzen dizkiguten ikastolen festei azken ginga jartzea dagokigu.

Auzolanari esker gauzatu ahal izan dira festa horiek, nola bestela. Ginga 2019ko urriko lehen igandean jarriko badugu ere, aurretik lan handia daukagu egiteko, eta denok jar dezakegu gure aletxoa euskararen aldeko azken festa handi hori ahaztezina izan dadin. lantaldeak martxan dira: parekidetasuna, ekonomia, osasuna, inklusioa, zirkuitua, muntaketa, komunikazioa, txosnak, giza baliabideak, protokoloa, erronka… antolaketa-eredua parte-hartzailea da, eta zenbat eta parte-hartzaile gehiago izan, orduan eta osoagoa, koloretsuagoa eta bikainagoa izango da festa.

Adi egon, animatu eta parte hartu!

Guztion artean zikloa borobiltzea lortuko dugu!