KILOMETROAK ERE #BERTSOVID19 BERTSOKATEAN

Martxoaren 16an jarri zuen martxan Aiurri hedabideak #BertsoVid19 bertsokatea, eta dagoeneko 500 lagunetik gora izan dira bata besteari jarritako puntua erantzunez erronkan parte hartu dutenak. Kilometroak taldeari ere bota diote erronka, eta gu ere animatu gara bertsokatea egitera!

Berrogeialdia etxean eramangarriagoa egiteko "Bertsokate koletiboa" antolatu du Aiurrik. Puntukako ariketa da, eta haria Twitter bitartez sortu da. Hasiera Unai Ormaetxea andoaindarrak emango zion eta berak bi izendaturi luzatu zien erronka Twitter bitartez #BertsoVid19 eta #Aiurri traolak erabilita. Kilometroak ere bat egin du, eta @kilometroak-en Twitter kontutik zabalduko ditugu guk ere bideoak. Gure kasuan, aurreko biak erabiltzeaz gain, #KorriPunpaTtak eta #kilometroak traolak ere erabiliko dugu.

Zeintzuk dira arauak?
Bertsoaren neurria zortziko txikia izango da eta doinua norbanakoak erabakiko du (doinu errazak eta ezagunak izatea gomendatzen da).

Nola funtzionatzen du?
Bertsoa bideoz grabatu, aurrez puntua jarri dizunari erantzunez eta Twitter sare sozialera igo edo Kilometroekin lotutako bideoa edo erantzuna bada 608 095 156 telefonora bidali. Txioan zure bi izendatuak ere etiketatu behar dira, beraiek zure bertsoaren hasierari jarraitzeko.

Animatu parte hartzera, eta egin zuk ere gurekin batera Korri, Punpa, Ttak!!