KILOMETROAK JAIA, URRIAREN 4AN

Azken lau urtetan hausnarketa prozesu batean murgilduta egon dira Gipuzkoako Ikastolak. Hausnarketa horren ondorio izan da, Kilometroak jaiaren birsortzea, eredu berri bat jarraituz. Gaizka Ezeiza Kilometroak 2020ko Zubimusu Ikastolako koordinatzaileak zehaztu duenez, “prozesu baten amaieran gaude, eta hemendik aurrera beste bati hasiera emateko prest eta gogotsu” daude Gipuzkoako Ikastolak, “Kilometroak jaia ez baita amaitzen ari, indarberritzen baizik”.

Hala, Gipuzkoako ikastola guztien jaia urriaren 4an izango da aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkilen, bertako Zubimusu Ikastolaren eskutik. “Hemendik aurrera eredu berri bati bide emango diogu, teoriatik praktikara salto eginez”.

Gipuzkoako Ikastolen adostasunarekin, 2020. urtetik aurrera, eta Zubimusu Ikastoltik abiatuta, “gure jendartea euskalduntzeko hezkuntza eremutik garatu behar diren bideen defentsa eta aldarrikapena sustatzeko” antolatuko da Kilometroak jaia, Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen artezkaritza kontseiluko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azpimarratu duenez. “Euskara eta euskal kulturaren defentsan, herriari onura soziala sorraraziko dien egitasmoak antolatuko ditugu, jai gozagarri, osasungarri eta errespetagarrien bidez eta ludikotasuna bultzatuz. Horretarako, jai egun bakarrera mugatu beharrean, urte osoan zehar hedatuko diren ekintzak eta jaiak egingo dira”.

Ezbairik gabe, “jai parte hartzaileak” izango direla nabarmendu du Artolak, bi ardatz izango dituztenak: “Batetik, lurraldeko ikastola guztien parte hartzea bermatuko duen Ikastolak harrobi kulturala egitasmoak landuko ditugu; eta, bestetik, Ikastola plazara dinaminak, Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera antolatutako ekintzen bidez”.

Ekintza eta egitasmo hauetan guztietan, Gipuzkoaz kanpoko gainerako herrialdeetako ikastolek ere parte hartuko dute, Euskal Herriko naziotasuna islatuko duten Kilometroak jaiak antolatuz. Ekintza guztiek auzolanaren filosofia eta kontzientzia garatuko eta indartuko dute.

Berritze fasean

Kilometroak espazio eta gune ludikoa da, eta Ikastola proiektu pedagogikoa den bezala, Kilometroak berak antolatzen eta kudeatzen dituen une eta gune ludikoak euskaratik eta euskaraz egiteko konpromisoa du.

Urtetik urtera, Kilometroak jaiak tinko eutsi dio eginkizun horri, euskal jendeartea euskaldunduz, herri honen zerbitzurako lan eginez. Baina Nerea Zumeaga Zubimusu Ikastolako kudeatzaileak zehaztu duenez, “Kilometroak berritze fase batean murgilduta dago, eta bere proiektua herri-onurarako ere antolatzen da: herritik sortua eta herritarrei eskainia. Horregatik, helburu hauek beteko dituen egitasmoak ere martxan jarri ditugu”.

Pello Mari Otaño ikerketa beka da horren adibide. Mintzola eta Zizurkilgo Teodoro Hernandorena elkartearekin elkarlanean, aurtengo Kilometroak dinamikak ikerketarako beka bat eskaini nahi du. Bertsolaritzarekin lotura izan eta garaikidea ere baden gai bat ikertzea du helburu, bertsolaritza eta emakumea Aitzondo bailan, esaterako. Apirilaren 2ra arteko epea dago lanak aurkezteko (informazio gehiago www.kilometroak.eus helbidean).

Ez da hori izango, ordea, herri onurara bideratutako proiektu bakarra. Zumeagak argitu duenez, Euskal Herria ezagutu nahi gurekin? proiektua ere martxan jarriko da aurten Kilometroak jaiaren bueltan. “Gure mugez  gaindi etorritako pertsonak gurean kokatzen ari dira, eta uste osoa dugu egoera hori aberasgarria eta emankorra dela; bai etorritako pertsonentzat, bai gure komunitatearentzat. Izan ere, aniztasuna edozein jendarterentzat ezaugarri aberasgarria da”.

Bizilagun berriei harrera egitea da proiektu honen helburua. “Harrera gure komunitatean, harrera gure kulturan, harrera gure hizkuntzan”. Horregatik, Euskal Herria ezagutu nahi gurekin? egitasmoak dinamika praktiko bati erantzungo dio, eta pertsonen artean harremana eta bizipen zuzena sorraraziko duen ekimena izango da. Horretarako, hiru txango antolatuko dira, garai ezberdinetan eta Euskal Herriko toki ezberdinetara. Txango horiek elkar ezagutzeko eta harremanetarako tresna izango dira, harrobi kulturala indartzeko tresna. Ekintza hau Tolosaldeko Ikastola guztien artean antolatuko da.

Ezin da ahaztu Kilometroak jai bat dela, eta Euskal Herrian antolatzen den edozein jaitan bezala, dibertitzeko moduari lotutako zenbait ohitura eta jarrera ere oso barneratuta daude, batez ere kontsumoarekin lotutako jarrerak. Horren inguruan ere hausnartu dute ikastolek eta Ana Santamaria Zubimusu Ikatolako zuzendariak argitu duenez, “Zubimusun, Gipuzkoako zein gainerako herrialdeetako ikastoletan eta Ikastolen Elkartean garbi daukagu pertsonen arteko harremana dela kalitatezko esperientziak izateko landu beharreko ezaugarri nagusia. Horregatik, gazteekin bestelako lanketa didaktiko bat egin behar dela iruditzen zaigu”.

Sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egin nahi da aisialdiaz eta jaiaz gozatzeko erabili ohi den moduari buruz. Horretarako, bereziki ahulak izan daitezkeen sektore, eragile edo subjektuekin elkarlanean, protokolo bat adostu eta jendarteratuko da. “Hitzaldien eta unitate didaktikoen bidez, kontsumo arduratsuaren zein jai askeen aldeko aldarrikapenak zabaldu nahi dira, ikastoletatik plazara saltoa emanez”.

Ekin, jolas eta jai

Orain arte aipatutako guzti honi lotuta iritsiko da aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Izan ere, Kilometroak jaia ikastola baten inguruan antolatu arren, Gipuzkoako Ikastolen jaia da. Horregatik, eta Kilometroak Eguna urriko lehenengo igandearekin antolatzen jarraituko bada ere, Gipuzkoako herri guztietara eraman nahi da jaia. Bñat Ezeiza Kilometroak jaiaren barruko Ekinjolasjai batzordeko buruak zehaztu duenez, “iaz Zubimusu ikastolatik antolatu genuen Milimetroak jaiari segida emanez, Milimetroak jaiak izango dira aurrerantzean Kilometroak egitasmoaren beste ardatz nagusietako bat”.

Ikastolak harrobi kulturalak dira, eta errealitate hori gauzatzeko gazteak ahaldundu behar dira. “Horretarako, ikastolok herriko plazara aterako gara, tokian tokiko eragileekin elkarrekintzan aritzeko. Euskararen erabilera sustatuko dugu, bizilagun berriekin gure komunitatea indartuz eta aberastuz”.

Aurten hiru Milimetroak festa egingo dira, bakoitza tematika baten inguruan:

  • Tolosaldeko Milimetroak: “Mundu ko lore” lelopean, kultura arteko inklusioa sustatuz.
  • Oarsoaldeko Milimetroak: Naziotasuna eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza- sistema aldarrikatuz.
  • Debagoienako Milimetroak: Kooperatibismoa eta auzolana balioan jarriz.

Milimetroak egitasmoarekin batera, Euskarajolas dinamikak ere jarriko dira martxan aurten. “Jolasa gauza askotarako bide eraginkorra da, harremanak errazten ditu, emozioak puri-purian kitzikatzen ditu, inklusioa ahalbideratzen du, eta tematika bati garrantzia emateko aukera eskaintzen du. Horregatik, jolas-eremu horretara erakarri nahi ditugu DBHko gazteak”.

Euskara eta euskal kultura ardatz dituen ekimen ludikoa da Euskarajolas, eta hainbat jolasen bitartez, euskarak Euskal Herrian zehar dituen aldagai eta euskalkiak deskubritzeko aukera izango dute gazteek. “Historian zehar euskal musikak izan duen sorkuntzaren inguruan beren ezagutza proban jarri beharko dute gazteek, eta euskal kulturaren inguruan ere hainbat proba gainditu beharko dituzte. Eta hori guztia, jarduera motorra eta ariketa fisikoa eginez noski!”

Euskarajolas egitasmoa urtean zehar hainbat topaketatan garatzen joango da, eta Kilometroak egunean, urriaren 4an, Gipuzkoako ikastola guztien artean azken topaketa handia egingo da.

Milimetroak Tolosaldean

Lehen aipatu bezala, Tolosaldean egingo da aurtengo lehen Milimetroak jaia, martxoaren 23an hasi eta apirilaren 6ra arte. “Mundu ko lore” lelopean, kulturen arteko inklusioa sustatuko da, eta horretarako eskualdeko sei ikastolak elkarlanean arituko dira: Anoeta, Inmakulada, Laskorain, Irura, Uzturpe eta Zubimusu.

Ikastola bakoitzak banakako ekintzak egingo baditu ere, beste hainbat elkarrekin eta herritarrei irekiak izango dira. Adibidez, martxoaren 23an hitzaldia egingo dute Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek “Miñan” lanari buruz, Anoetan. Horrez gain, liburuaren bi egileak sei ikastoletara joango dira, ikasleekin batera lanketa egiteko.

Martxoaren 25ean Lip Dup bat grabatuko da Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, Tolosaldeko ikastolen parte hartzearekin.

Euskarajolas proiektuak ere izango du lekua, noski, eta lehen aipatu bezala, sei ikastoletako DBHko ikasleak Anoetan elkartuko dira hainbat jolas egiteko.

Apirilera salto eginda, hilaren 5ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izango da Tolosan, Leidor aretoan; eta apirilaren 26an Euskal Herria ezagutu nahi gurekin? egitasmoaren barruan egun osoko txangoa egingo da Elizondo, Bozate eta Amaiurrera (Nafarroa).

Ezeizak zehaztu bezala, “argi geratzen da, beraz, Kilometroak jaiak ez duela etenik, eta aurtengo leloak dioen moduan, Korri, Punpa eta Ttak egiten jarraitzen dugu Gipuzkoako Ikastolok. Beraz, bai urriaren 4an Amasa-Villabonan eta Zizurkilen egingo den festan, zein han eta hemen Gipuzkoan barrena antolatutako Milimetroak jaietan zein gainerako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”.