Dena prest Kilometroak Txikirako!

Ikusi al dituzue sekula erraldoiak Zarauzko daman? Igande honetan, otsailaren 24an, izango da horretarako aukera Kilometroak txikirako antolatu duten egitarauaren barnean. Bertsolarien plazan abiatuko da festa, 11:00etan, trikitilarien eta txistularien laguntzarekin. Ibilbidearen hasierak berak lehen unetik emango dizkio ezusteak gerturatzen denari.

LH3tik LH6ra arteko gazteek Txipristinek eta Gurutxurtuk iganderako propio prestatu duten Altxorraren bila erraldoian jolasteko aukera izango dute. Izen-ematea itxita dago, baina, jolastu nahi izanez gero, ez da oztoporik izango parte hartzeko. 10:30ean jarri dute gazteenentzako hitzordua, ikastolan.

Kilometroak txikiko ibilbidea malekoira iritsiko da beheko kanpinetik barrena. Ni, Hi eta Hura gorpuzten dituzten mamorruak bidelagun izango dituzte zirkuitu osoan parte-hartzaileek. Damaren parean zain izango dituzte erraldoiak, eta haiekin kalejiran zeharkatuko dute malekoia. Izango da geldialdi bat egiteko aukera ere; haurrentzat txokolatea prestatuko dute antolatzaileek, indarrak hartzeko. San Frantzisko kaletik barrena, Kale Nagusia eta Musika plaza igaro ostean, Lege Zaharren enparantzara iritsiko dira. Han, haurrentzako aurpegi-margoketak eta bestelako jolas ugari izango dira. DJek girotuko dute eguerdi partea.

Altxorraren bila ibiliko dira gazteak goizean zehar herri osoan barrena, begiraleek lagunduta, eta jolasaren amaiera eguerdi partean izango da, Lege Zaharren enparantzan. Han ikusiko da goizean gazteek jasotako altxorraren tamaina.

‘Ni, Hi, Hura… ikastola mundura’ leloa dute ipar aurtengo kilometroek. Ni-ak urdina ordezkatzen du, Zarautz; Hi-ak berdea, ikastolaren kolorea; Hura-k morea, feminismoa, aniztasuna eta irekitasuna ditu ardatz. Horregatik egiten dute antolatzaileek dei euskaratik eta euskaraz gozatzen den festa honetan partehartzera. Igande honetan da hitzordua, otsailaren 24an, 11:00etan, Bertsolarien plazan.