Kilometroak betaurreko moreekin

'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura' leloak urdina, berdea eta morea biltzen ditu. Urdinak Zarautz, berdeak ikastola eta moreak feminismoa dute ardatz. Hala, 2019ko Kilometroak betaurreko moreekin begiratzeko, formazio feministako bi saio jasoko dituzte KMK-ko lantaldeetako kideek, betaurreko more horiek janzteko tresnak eskuratzeko.

Zer da gizona? Zer da emakumea? Nork eraiki du hori? Noren mesedetan? Nola deseraiki? Zer eraiki? Egungo jendarte eredua auzitan jarri, eta eraiki beharrekoaren noranzkoaz gako interesgarriak jaso zituzten Emagineko Aiora Epelderen eskutik, eta, harekin batera, eztabaida mamitsuan aritu ziren. Bigarren formazio saioa martxoaren 4an izango da.