Kilometroak Ekoliorekin jasangarritasunean urratsak eginez

Kilometroak 19ko ardatzetako bat jasangarritasuna da. Ekoliok sukaldeko landare-olioa doan jaso eta biodieselean bilakatzen du. Jasangarritasunean aitzindari izateaz gain, proiektu soziokulturala da, ordea, eta horren ildotik salmenta guztiengatik fakturatutakoaren %10 Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolara bideratzeko hitzarmena izenpetu dute KMK19rekin. Honakoek izenpetu dute akordioa: Iñigo Ameztoi Zarauzko ikastolako lehendakariak, Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak eta Haimar Arozena Eizagirre Ekolio-ren ordezkariak.

Honenbestez, sukalde-olio erabilia jasotzeko edukiontzi laranja bat ezarriko dute ikastolan. Hortik jaso, tratatu eta biodieselean bilakatuko dute. Honek, gainera, lagunduko du ikasleak jasangarritasunaren garrantziaz sentsibilizatzen eta ohartarazten birrerabilpenaren garrantziaz. Horregatik egingo dituzte, halaber, xaboiak egiteko tallerrak ere.

Urriaren 6ra arte, Kilometroak iragan arte jasotzen duten guztiaren fakturazioaren %10 ikastolarentzako izango da.