Salbatore Mitxelena ere, ikastolatik mundura!

100 urte beteko lituzke Salbatore Mitxelenak urtarrilaren 18an, bizi izan balitz. Hark ematen dio izena Zarauzko ikastolari. Zergatik, ordea?

1. Bestelako pedagogia batekin amestu zuelako. 1919an jaio zen, Iñurritzan. Lehen ikasketak Zarautzen egin zituen arren, Arantzazun jarraitu zuen gero, frantziskotarrekin. Ikasle fina zen, baina izan zituen arazo batzuk, garai hartako hezkuntza-arau zorrotzek eraginda. Autodidakta izan zen, eta garai hartan debekatutako obrak irakurri zituen. Espainiako Gerran soldadu jardun zuen hiru urtez. Lorratz sakona utzi zion bizipen hark, depresioan sartzeraino.

2. Euskaltzale porrokatua zelako. Idazle eta olerkari bikaina zen. Euskarazko literatura- eta poesia-lan oparoez gain, ‘Bai’ taldea sortu zuten. Aldizkari klandestino bat banatzen zuten. 1943an apaiztu zen, eta herriz herri ibili zen, sermoilari. Ezin zuen jasan, ordea, frankismora lerratutako eliza eta euskararen zapalkuntza. Etsipenak jota utzi zuen herria, olerki honetan ikus daitekeenez:

Ogei ta bat garrengo
gizaldi orretan
askok galdeko dute:
- "Euskalerri nun dan?
Bera mireste-arren
gatoz urrundikan...
"Ta guk erantzun bear:
- "Bai, emen izan'tzan.
Baiñan erdalkeriak
yan ta irentsi zuan".

3. Euskal Herritik mundura. Frankismo-giroan itoa, Hego Amerikara jo zuen. ‘Time' aldizkari ospetsuko azal batean ere agertu zen, bere misiolari-lanak kontatuz. Suitzan hil zen, 1965ean.