Ni, hi, hura… ikastola mundura!

Ni, hi, hura... ikastola mundura! Ni-ak bizitza berri bat iragartzen du, haurdunak euskal dantzak hartu ditu oinarri; eta etorri da Hi-a gero, funk estiloa oinarri duen dantzekin; Hura izan dira Jalgi dantza-taldekoak, tradizioa eta modernitatea uztartuz, eta horrela gorpuztu dute leloa, dantzaren bitartez guztiak fusionatuz, 2019ko Kilometroen aurkezpen ikuskizunean, Zarautzen. Jaia antolatzeko ardura du Salbatore Mitxelena ikastolak, eta urriaren 6a urrun bada ere, urte osoko lanari ekin diote auzolanean ondu duten festa batekin.

Antzerki baten bidez aurkeztu dute Kilometroetan landu asmo dutena. Oinarriak non dituzten ahaztu gabe, norbanakoaren errespetua eta bestearen aitortza eginda, Ni, Hi eta Hura-ren arteko fusioaren bidez, auzolana eta elkarlana irudikatuz atera dira plazara.

Oinarria irudikatu dute ikastolaren sorreran aritu ziren zenbait lagunek. Euskararentzat etxe bat egin nahi zuten haiek “kabi bat egin zioten euskarari”, eta kabia ireki denean ikusi da etorkizuna, ikastolan hasi berri diren bi haurtxoren bitartez, lekukoa eskuan zutela.

Munduratu den eta munduratzea helburu duen erakusgarri izan da Salbatore Mitxelena ikastolan ikasi zuten bi ikasle ohi pantaila handian agertu direnean. Skype bidez agurtu dituzte munduko beste ertzetik Zarauzko kiroldegian bildutako ia mila lagunak. Horrekin irudikatu nahi izan dute oinarriak sendo botata marko pedagogiko aitzindarietan bideak urratuz munduratzen jarraitu nahi dutela.

Umorea eta giro onik ez da falta izan. Ekitaldia mamorruek hasi dute, sakatu behar ez zen botoi gorriari sakatuta leloa eta logoa bistaratu dituztenean pantaila handian. Ez dira gutxi izan barre-algarak. Gero etorri da urtean zehar egin beharrekoen lan-zerrenda, eta aurtengorako prestatu dituzten jantzien lagin bat ere ikusi ahal izan da.

Herriko ordezkaritza zabala izan da ikuskizunean, bai ordezkaritza politikoa, bai gizarte-mugimenduen ordezkaritza handia ere.

Zarauzko ikastolak hirugarrenez antolatuko du Kilometroen jaia. Lehena, 1987an izan zen; bigarrena, 2004an, Oriorekin batera; eta azkena, 2019an izango da. Molde honetako azkena, hain zuzen, Kilometroen festa beste eredu baterantz baitoa. Hauxe izango da, beraz, jai-eredu honetan egingo den azken Kilometroak festa.